Etiopia, izen ofiziala Etiopiako Errepublika Federal Demokratikoa (amhareraz: ኢትዮጵያ, Ityop’iya), Afrikako Adarrean kokatuta dagoen herrialdea da. Iraganean Abisinia izenaz ezagutzen zen. Iparraldean Eritrea du, ipar-ekialdean Djibuti, ekialdean Somalia, hegoaldean Kenya eta mendebaldean Sudan eta Hego Sudan.

Afrikako herrialdeen artean bakarra, Etiopia ez dute inoiz erabat kolonizatu eta bere independentzia mantendu zuen Afrikaren Banaketak iraun zuen bitartean, bost urteko aldi batean izan ezik (1936-1941), italiarren okupaziopean egon baitzen.

Horretaz gain, kristautasuna erlijio ofizialtzat hartu zuen munduko bigarren nazio zaharrena da. Hiriburua Addis Abeba da eta herrialdeko hiririk handiena eta jendetsuena da ere.

Etiopia izena Αἰθιοπία Æthiopia hitz grekotik dator, eta hau Αἰθίοψ Æthiops ‘etiopiar’ hitzetik eratortzen da. Grezieraz “aurpegi errea” esan nahiko luke (αιθ- errea ὄψ aurpegi). Dena dela, aintzinako Etiopiako zenbait iturrik diote izena “Ityopp’is”-etik datorrela (Bibliako Cush-en semea izan zena, Noeren biloba).

DATU OBJEKTIBOAK

109.224.559

biztanle (Afrikako 2. herrialde jendetsuena Nigeriaren atzetik).

Iturria: worldbank – 2018  

0,463

GGI (Giza Garapenaren Indizea) NBEko 189 herrialdeetatik 173. lekua.

Iturria: HDR

66

urteko bizi-itxaropena.

Iturria: Munduko Bankua

1000tik 59

haur 5 urte bete baino lehen hiltzen dira.

Iturria: Munduko Bankua

2,5%

populazio hazkundearen indizea.

55%

15 eta 24 urte bitarteko gazteen ehuneko honek ez daki ez irakurtzen ez idazten

Iturria: Munduko Bankua

84.355.462,49 US$

BPG per cápita en (2018).

Iturria: Munduko Bankua

ETIOPIAKO BIZTANLEAK

Etiopiako talde etniko nagusiak hauek dira: Oromo, Amhara, Tigray, Sidama, Hadiya, somaliarrak, Afar, Gurage, Gamo, Welaita, Argoba eta Rastafari. Hauetaz gain, hainbat tribu minoritario daude, hala nola: Surma, Mursi eta Hamer.

Etiopiako biztanleen % 80 inguru landa eremuetan bizi da eta hiriguneek populazio osoaren % 17 inguru hartzen dute. Hala ere, hiriak oso azkar hazten ari dira landa eremuaren narriadura dela eta. Herrialdea 9 eskualde administratibotan eta estatus berezia duten bi hiritan (Addis Abeba eta Dire Dawa) banatzen da. Eskualdeen banaketak oinarri etnikoa du. Hizkuntza aberastasun handia dago eta amharera, ge’eza, trigrinyera, oromoera, gurageera, somaliera eta arabiera dira hedatuen daudenak, tokiko beste hizkuntza batzuekin batera. Amharera da hizkuntza ofiziala baina beste 80 hizkuntza inguru hitz egiten dira. Ingelesa oso zabalduta dago.

Giro politikoan izandako aldaketa historiko handiek, mota askotako arazoek eta gatazka zibilen ondorioz gertatutako migrazioek eragin handia izan dute landa eremuetako herrietan. 2001. urteko lehortearen hasierak (lehorte honek neurri handiagoan edo txikiagoan ondorengo urteetan ere jarraitu du) nabarmen murriztu zituen herrialdeko landa eremuetako familia pobreen aukerak, eta hala egiten jarraitzen du.

Etiopiako barne produktu gordina (BPG) batez beste % 10 igo da azken hiru urteetan eta hau munduko hazkunde-tasa altuenetako bat izan bada ere, Etiopiak herrialde pobreenetako bat izaten jarraitzen du. Giza Garapenaren Indizearen zerrenda osatzen duten 189 herrialdeetatik 173. lekuan dago, batez besteko per capita diru-sarrerak Saharaz hegoaldeko Afrikako batez bestekoa baino askoz baxuagoak izanik.

Landa eremuetan hiriguneetan baino pobrezia gehiago dago eta larriagoa da (% 52 eta % 36 hurrenez hurren), eta antzera banatzen da landa eremuetan zehar. Zona hauetan ez dago oinarrizko azpiegiturarik, esaterako osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak, albaitaritza-zerbitzuak edo edateko ura. Gainera, analfabetismoa, GIB-HIESAren eragina eta elikadura-segurtasun eza erronka garrantzitsuak dira oraindik ere.

Nekazaritza eskualdeko ekonomiaren euskarria da. Eskualdeko lanindarraren % 90 sektore honetan aritzen da eta biztanle gehienen bizibidearen oinarria da. Eskualdean lur landua oso zatituta dago, ez da oso emankorra eta erabilitako laborantza sistema oso tradizionala da.

LAN EGITEN DUGUN ESKUALDEA

Tigray Etiopia osatzen duten 9 eskualdeetako bat da. Eskualde hau 35 Woredak edo eskualde administratibok osatzen dute. Euskadik duen lurralde-antolamenduarekin alderatuz gero, Tigray autonomia erkidegoa izango litzateke eta Woreda bakoitza probintzia batekin parekatu liteke. Woredak, aldi berean, eskumen propioak ditu eta hainbat udalerrik osatzen dute. Woreda edo probintzia bakoitzak hainbat bulego edo sail ditu eta hauek Tigray eskualdeak bere gain dituen eskumenak kudeatzeaz arduratzen dira.

Proiektuak Tigray eskualdean burutzen ditugu, lau Woredatan kokatuta dauden 10 herri desberdinetan.

UTOPIA

Utopiaren kontzeptuak benetan existitzen den munduaren alternatiba gisa aurkezten den mundu ideal edo ironiko baten irudikapenari egiten dio erreferentzia, mundu errealari kritika bat eginez. Hitza Thomas More-k asmatu zuen bere “Dē Optimo Rēpūblicae Statu dēque Nova Insula Ūtopia” lanean. Bertan, “Utopia” bera bizi den alegiazko uhartearen eta komunitatearen izena da. Hango antolaketa politikoa, ekonomikoa eta kulturala garaiko gizarteen alderdi askorekin alderatuta oso bestelakoak dira.

Gurea utopia soziala da, bizitzari zentzua emateko eta zoriontasuna lortzeko nahiarekin estuki lotua; mundu hobe eta solidarioago bat behar dugu eta hori bilatu behar dugu. Bidezko mundu bat eraiki nahi dugu!

Platonek jada nabarmendu zuen kide guztiak zoriontsu eta gustura biziko ziren mundu ideal bat posible zela baldin eta mundu hori bidezko mundua bazen, Estatu bat ideala baita (utopia bat da) bertan justizia dagoenean.

“Utopia zerumugan dago. Guk bi pauso aurrera eman orduko, beste bi pauso egiten ditu berak aurrera. Urrun egoten jarraitzen du beti. Zertarako balio digu orduan utopiak? Bada horretarako, beti aurrera egiteko”.

Eduardo Galeano